AZAROAK 17. Errezil sagar feriarekin batera, hamabigarren Goierri Beheko ezti lehiaketa ere ospatuko da. Lehiaketa hau Gipuzkoako Erlazain Elkarteak antolatzen du. Beraien esanetan urte oparoa izan da; produkzioa berandu hasi zen arren, udaberria oso hotz joan zelako, ekaina eta uztaila oso onak izan dira eta ezti dexente bildu omen da. Gipuzkoan 367 erlazain dira erleak alta emanda dituztenak eta bazkide direnak. Horietatik 66 erlazain dira Goierri Beheko ezti lehiaketan parte hartu dezaketenak. Datorren igandean 17, lehaiketaz gain, erleak, erlezaintza, erlauntzak eta materialak ikusteko aukera izango da. Eta elkartekoek behar den adinako azalpenak emateko prest daude, gai onen inguruan gehiago jakin nahi duen guztiari.